XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Vieni con me.

Karabiniero suizarrak barrura pasatu nau bizikleta eta guzti.

Hau ongi kontrolatu diotse ekarri nauenak beste bi mugazaini.

Hasieratik bukaeraraino begiratu dute pasaportea.

Nondik zatoz, nora zoaz, non pasatu duzu gaua, zertara zatoz Suizara; dena oso mutur serioz.

Erakutsi dirua... eta travellers-ak.

Drogarik ea kontsumitzen dudan, ea trafikatzen dudan.

Ma come, ez al duzue erreparatu nere kirolari itxuran?

Ea diruarekin trafikatzen dudan.

Nahiko nukeela.

Broma gutxi egiteko.

Devi dire tutto, tutto, tutto diost haserre aurpegiz.

Zorroak zabaldu eta miatzen hasi da, fianbrera zabaldu, zakua, dena.

Beste gela batera pasarazi eta katxeatu egin nau.

Ea zein den nere lanbidea.

Professore di lingua.

Ea non erakusten dudan.

Ikusi duenean ni sartuagatik Suizako estatua ez dagoela arriskuan alde egin du eta ordurarte ixilik egon den polizia gaztearekin geratu naiz sakabanatutako trasteak bere lekuan ipintzen.

Honek, nahiz eta gauzak batzen lagundu ez, oso sinpatiko hitzegiten dit, bere nazioarekiko nere lehen inpresioa leundu nahirik bezala.

- Paesi Baschi? Dove e questo? ... Andorra? ... ah, Bilbao. Molto pericoloso - dio izu aurpegiz.

Tiroketak, bonbak..., bere aita kamioiduna da eta iaz gurpil guztiak zulatu zizkioten Bilbon.

Mugan ordu t'erdi inguru eman ondoren Ticino-n barrena abiatu naiz.

Italiako partearen oso antzekoa da Ticino.

Mendi ez oso altuak prealpeetan gaude oraindik , txaletak alde guztietan.

Ticino italieraz mintzatzen den Suizako kantoia da.

Nola Suizaratu zen eskualde hau?

Milango estatuaren garaian (XII-XVI) badirudi dukeek ez zutela egitura militar sendoegia (...).